ESLEk Open Source Lisboan parte hartuko du kode irekiko Industria 4.0 arloan arrakasta kasuak aurkeztuz
Datorren asteburuan Open Source Lisbon 2019 ospatuko da Lisboan eta ESLEk presentzia nabarmena izango du ekitaldian.
Open Source Lisbon Portugaleko Open Source ekitaldirik handiena da eta mundu mailan garrantzitsuenen artean kokatzen da. 17. edizioan aukeratutako izenburua ‘Open Source: Leading the Generation Shift’ izango da. Aurtengo ekitaldiak kode irekiko teknologiek mundu mailan erakartzen duten transformazioak azpimarratuko ditu. Eta industria guztietan kode irekiak izan duen hazkundea agertuko du.
ESLEk presentzia nabarmena izango du, Eneko Astigarraga presidenteak eskainiko duen "Código abierto e industria 4.0, un enfoque desde el País Vasco y España" hitzaldiaren bitartez. Hitzaldi honetan Astigarragak euskal eta espainiar open source-aren egoera azalduko du, software aske eta industria 4.0aren arteko harremanari dagokionez batez ere eta zenbait arrakasta adibide deskribatuko ditu.
ESLEk edizio honetan martxan jarri den Open Room izeneko espazio berrian parte hartuko du. Open Room kode irekiko mundu mailako elkarteei zuzendutako gunea da. Honetan kode irekiko Euskadiko ekosistemarekin batera, Frantzia, Portugal, Grezia, EB eta AEBenak ere agertuko dira.